Nor gara

Irakaskuntza bokazioa amankomunean dugun hainbat pertsona gaztek (tira, jada ez horren gaztek 😄) osatzen dugu GaurkoTek. Egunero gozatu egiten dugu, bai irakatsiz eta baita ikasleengandik ikasiz ere. Traste eta tramankuluak geure kabuz aztertu eta ulertzen ikastea beti gustatu izan zaigu eta horrela teknologiaren alde didaktikoena ezagutzeko aukera izan dugu. Gainera ez dugu uste tekonologia joku eta ohitura tradizionalekin bateraezina denik. Mendira joatea, hondartzan eguna pasatzea, lagunekin geratzea, kirola egitea… ikaragarri gustatzen zaigu, baina baita teknologia eta honek eskaintzen digun aukera mordoa ere.

Hori dela eta jarri dugu abian GaurkoTek. Bai teknologiaren erabilera ganorazko, arduratsu eta mugatua txiki-txikitatik ikasteko aukera eskaintzeko, bai askoaz argiago ikusarazteko era teorikoegian ikasi ezkero arrotz eta zail egin ohi zaizkigun hainbat kontzeptu. Irizten dugu txikitatik tresna egokiak erabiliz gerora askoz errazago uler daitezkeela hizkuntza, logika, matematika eta konputazioarekin lotutako hainbat eduki (sintaxia, geometria, oinarrizko ofimatika eta kontularitza, etab.).

GaurkoTek osatzen dugun langileok esperientzia zabala dugu haurrekin lanean. 7 urtetik gora eman ditugu eskolaz kanpoko ekintzak, jardunaldiak, iraupen motz eta luzeko kanpamenduak, etab. antolatzen, teknologiaren inguruan esperientzia polit eta aberasgarriak eskaintzen erabiltzaile eta bezeroen beharretara ahalik eta hoberen egokitzen saiatuz betiere.

Zentzuzkoa iruditzen zaigu ondorioztatzea hainbat alor ezberdinetan ondo moldatzen ikasi ezkero, etorkizunean maila pertsonal eta profesionalean positiboki garatzeko aukerak askoz ere handiagoak izango direla. Horrenbestez, argi izan dugu hasieratik robotika eta bideojoku-sorkuntza soilik eskaini beharrean GaurkoTek-ek 3D-ko diseinua, irudi eta bideo edizioa (“youtuber” bihurtuko al da agian ikasleren bat? 😉 ), esperimentu elektrikoak eta disziplina anitz lotzen dituzten proiektu irekiak ere eskaini behar zituela.

Gure helburuetako bat ahalik eta publiko zabalenera iristea denez, formatu ezberdinetara egokitzeko ahalegina egiten dugu beti, eta beharrezkoa denean, neurrira eginiko zerbitzuak eskaintzen ditugu.

Kontaktua

Egiten ditugun ekintza eta jarduerei buruzko informazioa behar baduzu, zalantzaren bat argitu, proposamen bat egin edo beste edozer gauzarako, beheko formularioa bete dezakezu, edo telefono zenbaki honetara deitu edo mezu bat bidali (Whatsapp edo Telegram erabiliz) 623 10 20 76.




    Scroll to Top
    💬 Laguntza behar? ¿Necesitas ayuda?